gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 2, larunbata
Virginia Woolf
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > VIRGINIA WOOLF, GAUR ERE
VIRGINIA WOOLF - AURKEZPENA


Virginia (Stephen) Woolf (1882-1941) idazlearen lanak lehenengo aldiz eskuratzen dituen irakurle batek (sinesgaitza gertatzen bazait ere), bereziki, irakurle anglosaxoi batek, pentsa lezake beti iritzirik onenak jaso izan dituen egilea dela. Ez da horrela izan, ordea. Lehenengo eleberria, The Voyage Out (1915), argitaratu zuenetik goranahi artistikoko idazletzat hartu bazen ere; literatur modernitatearen euskarrietako bat dela (James Joyce garaikidearekin batera, hain antzekoak eta hain ezberdinak biak) inork zalantzan jarri ez badu ere, 1941ean bere buruaz beste egin zuenean mitoaren uretan murgildu zenetik (hain zuzen ere Sussex konterriko Ouse ibaiko uretan), britaniar unibertsitateek, esaterako, komeni zitzaien eran ahantzi zuten. Ahazte hori unibertsitate aurreko ikasketetara ere zabaldu zen. Hori dela eta, seguruenik, bere senarrak, Leonard Woolfek (1880-1969) idazlearen eskuizkribu gehienak (bere egunerokoak, bereziki) New York Public Library liburutegiari saldu zizkion, liburutegi ospetsu horretatik etorkizunean pasa zitezkeen ikerlariek, iparramerikarrak ala ez, zegokion lekuan jarriko zutelakoan. Hau da, XX. mendeko literaturaren munduko lehenengo postuetako batean.

Leonardek, gainera, hirurogeiko hamarraldiaren hasieran, erabakiorra izango zen beste mugimendu taktikoa egin zuen: biografia bat agindu zion idazlearen ilobari, Quentin Belli (1910-1996), eta jatorrizko argitalpena 1972an kaleratu zen. Biografia horrek ia hezur eta haragizko idazlea eta pertsona ezagutarazi zigun, benetan biografia ahaztezina. Bellen biografiak (ikus Bibliografia) eta hirurogeiko hamarraldiaren bukaerako feminismoaren berpizteak (“Women´s Lib” delakoaz ari gara), emakumeari buruzko ikerketen, literatura barne, unibertsitate departamentuek bultzatu zutena eta denborarekin generoko ikerketak bilakatuko zirenak, idazle ezaguna bihurtu zuten Virginia Woolf eta gainera, mundu mailako benetako literatur industria bilakatu zuten bere lana eta pertsona. Mendebaleko munduan, behintzat, eta zorionez horren barruan zeuden espainiar nazio ezberdinak.

Hala, Espainiara, gazteleraz, Virginiaren lanak modu partzialean (eta gaizki) iritsi ziren berrogeiko hamarraldian, hain zuzen ere bere lehenengo eleberriarekin, Fin de viaje (Caralt argitaratzailea, Bartzelona) izenburua eman zitzaionarekin. Denbora joan ahala, Victoria Ocampo argentinar izugarriak ezagutzera emango zuen Buenos Aireseko Sur argitaletxean Orlando eta Un cuarto propio, Jorge Luis Borgesen bertsioan, eta Diario de una escritora lanak argitaratuz. Hogeita hamarreko hamarraldian Ocampo Londresera joan zen Virginia ezagutzera eta horren ondorioz bi hurbilketa lan argitaratu zituen: Virginia Woolf en su diario eta Virginia Woolf, Orlando & Cía. Carlos Barralen argitaletxeak (Seix Barral) apal-apal sartu zuen Virginia Woolf hirurogeiko hamarraldian Una habitación própia eleberriarekin; baina emakume bat izan zen, Esther Tusquets argitaratzaile katalandarra (Lumen argitaletxea), irakurleei benetan ezagutzera eman ziena hirurogeiko hamarralditik aurrera, idazlearen eleberriak (jada aipatutakoa eta lehena izan ezik), zatikako egunerokoak, saiakerak, etab... argitaratuz.

Bestalde, Katalunian oso azkar izan zuten Woolfen berri: 1930ean laugarren eleberria argitaratu zen katalaneraz, Mrs Dalloway (1925), esperimentazio modernista zuen idazle katalandar baten bertsioan: Cesar August Jordana, Juan Beneten aitaginarreba. Eta Gerra Zibila bete-betean zegoenean Virginiaren Flush txakur biografiako dibertimentoa argitaratu zen katalaneraz, gero Destino argitaletxeak berrogeiko hamarraldian gaztelerako bertsioan argitaratuko zuena. Euskaraz, nik dakidanez, Virginiaren obra bakarra dugu irakurgai: To the lighthouse, hain zuzen ere, Anton Garitanok itzuli eta 1993an Ibaizabal argitaletxeak Farorantz izenburuarekin kaleratu zuena.

Gaur egun britaniar unibertsitateek zuzendu dute hil zenetik hirurogeiko hamarraldira bitartean idazleari egindako ahaztea, mundu osoko ingeles hizkuntzako departamentu guztiek beren programetan sartzen zuten bitartean. Zalantzarik gabe, Leonard Woolfek hil ostean, Quentin Bellek bizirik (bere biografia saritua izan zen eta salmenta handiak lortu zituen) eta, nola ez, irakurleek, guk, lortutako garaipen pertsonala izan da, behin eta berriz irakurtzen baititugu bere idazlanak arrazoi xume bategatik: atsegingarri zaigulako.

Igo

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net