gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 23, larunbata
Virginia Woolf
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > VIRGINIA WOOLF, GAUR ERE
VIRGINIA WOOLFEN "NORBERAREN GELA"
A Room of One's Own
Mariasun Landa

Azken oztopoa.

Hala ere, dirua eta espazioa ez dira nahikoak. Azken oztopo bat gainditu beharrean aurkitzen da emakume idazlea: emakume bezela idazteko gai izatea, hain zuzen. Hau da, norberaren ikuspuntuari eta errealitatea sentitzeko erari uko egin gabe idaztea, besteren usteak, gizonezkoen erdeinu edo irainak kontutan hartu gabe jardutea, jendarteko eritzia mugatu gabe idazten jarraitzea. "Egia esan ezazu eta ondorioa, interes handikoa izango da, derrigorrez", esaten du V. Woolf-ek.

Egia esate horri, idazlearen integritatea deitzen dio. Eta integritate horren izenean, beste zera azaltzen digu. emakume bezala idazteak, sexuaz ahaztutzea esan nahi duela, nolabait. Emakume gisa idatzi, baina emakumea dela ahaztu duen emakume bezala. Izan ere, idazlearentzat androginoaren izaera eskatzen du, non emakume eta gizonezkoen izaerek bat egiten duten: "Oso txarra da idazten duen edonorentzat bere sexuaz pentsatzea. Bakoitzak, gizonetik zerbait duen emakumea ala emakume zerbait duen gizona beharko luke. Emakumearen kalterako da bere emakume izateari buruz konszienteki hitzegitea, kexuren bat azpimarratzea, kausa baten alde jokatzea, nahiz eta kausa hori guztiz zilegia izan"- dio V. Woolf-ek bere liburuan.

Berak, Coleridge-ren hitzak bereganatzen ditu: sorketa lanetan androginoak izan behar. Zeren bestela, ez bada artistaren baitan bi sexuen ezkontza gertatzen, ondorio artistikoak txarrak izango baitira. Horrela idatzia, egun pare batez ederra, lilugarria, erakargarria gertatzen bada ere, hurrengo egunerako ihartuko da, loreak ilunabarrean bezala.

Beraz, V. Woolf-en eritziz, emakume idazleek  lortuko balute azken oztopo hau gainditzea, orduantxe ezagutuko genuke emakumeen benetako mundua, orain arte deskubritu gabekoa. Mundu horretaz, gizonezkoek ikusi eta interpretatu nahi izan dutena, besterik ez du ezagutu. Askotan, irudi hori partziala eta desitxuratua izan da, arrotzat emakumearentzat berarentzat.

Hona hemen, hitz gutxitan adierazita, "Norberaren gela" liburuaren ideia nagusienak. Oraindik gaurkotasun handia duela iruditzen zait, emakumea eta literaturari buruz idatzi den oinarrizko irakurketa baita, iradokizunez beteta, patxadaz irakurtzea merezi duena.

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net