gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 23, larunbata
Virginia Woolf
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > VIRGINIA WOOLF, GAUR ERE
VIRGINIA WOOLFEN "NORBERAREN GELA"
A Room of One's Own
Mariasun Landa

Shakespearen arreba.

Fantasia aipatu dugu, eta berak dioen bezala, emakumeei buruzko datoak falta direnean, guztiz zilegia da fantasiara jotzea. Beraz, eman dezagun, Shakespeare-k arreba bat izan zuela. Judith izenekoa eta gainera, bere neba bezala, arterako dohaiez betea...

Virginia Woolf-ek proposatzen digun ipuinaren jarraipena ez da asmatzen zaila. Judith ez zen eskolara joan. Nebaren abenturazaletasuna, irudimena eta mundua ezagutzeko grina berberak zituen, baina mutila eskolara joan zen eta Judith ez. Ziur asko, Judith-ek asko irakurriko zuen eta bere koadernoan ipuinak idatziko zituen, ondo gorde edo erre beharko bazituen ere. Bestela, zer pentsatuko ote zuten beraz? Hamazazpi urterekin merkatari baten semearekin ezkondu nahi zutelako aldegingo du etxetik eta London-erako bidea hartu. Antzerkia laket zaio, nebari bezala, eta kamerino ateetan zelatan egongo da lana eskatuz. Irainak eta zakarkeriak, besterik ez du jasoko... Seduzitzen ere saiatuko dira eta azkenean, noski, haurdun geldituko da.

Ziur aski, negu-gau batean, bere burua botako zuen, eta auskalo, zein bazterretan lurperatuko zuten, gaur egun autobus geltoki bat dagoen lekuan, agian.

"XVI. mendean jaiotako talento handiko edozein emakumek- dio V. Woolf-ek - erotu, bere burua hil edo herritik kanpoko etxe bakarti batean bukatuko zuen, erdi sorgin, erdi azti, beldur eta irainen biktima."

Eta ez bakarrik XVI. mendean. Geroago ere bai. Emakumeak, gizarteak ezarritako papera gainditu nahi izan duen bakoitzean, irain, sermoi edo arbuioa besterik ez du jaso. Herri guztietako literaturaren historian agertzen dira emakume arraro, zoro edo dama bakarti hauek, zeinak, gizarteak inposatutako mundu hertsia, bertso edo nobeletan transzenditzen saiatu baitziren, irakurle eta kritikarik gabe. Oihartzun izpirik gabe. Maiz, gizonezko baten izenaren atzean ezkutatu ohi dira, bere izen ona hobeto gordeko dutelakoan.

Dena den, kasu hauek deigarriak badira ere, beren idazlanak ez dira oso interesgarriak, literaturtasun aldetik bederen: kexa, arrengura eta haserreaz kutsaturik daude. "Espresio-forma pertsonal hunkigarriak baina gutxitan arte lanak", V. Woolf-en iritziz.

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net