Norberaren gela eta bostehun libra
"Izan ere, zer behar du idazlan batek, lan literario, arte lan, kontsideratua izateko?", galdetzen dio Virginia Woolf-ek bere buruari. "Zein da jarduera arraro hori bultzatzen eta posible egiten duen egoera mentala?...
Artea ez dabil hodeietan, bizitzaren baldintza materialen arabera baizik. Hau da, arte lanak independentzia eskatzen du: norberaren gela eta dirua. Baita independentzia pertsonala ere: mugitzeko askatasuna eta sorketa lana bultzatuko duen esperientzia ugari ere. Beraz, egoera mental libre eta irekia.
Baldintza hauek oso gutxitan ematen badira gizonezko artistengan, are latzagoa da egoera emakumeen kasuan. XIX.mende arte, norberaren gela bat edukitzea pentsaezina zen emakume askorentzat. Dirua? Sexu pobrea izan da emakumearena. Hauek ez zuten dirua irabazten eta dirudunak baziren ere, legeek ez zieten dirua beren gisara erabiltzen uzten. Gizonezkoek izan ohi duten mugitzeko, bidaiatzeko, bazterrik bazter ibiltzeko askatasuna debekatuta zegoen emakumeentzat. Beraz, baldintza hauek direla medio, ez da, noski!, Shakespeare bezalako geniorik sortu emakumeen arten. Zeren, ondo ala gaizki "genio" deitutako hori, ez da berezko zera arraro bat. Baldintza egokiak behar ditu sortu ahal izateko, eta emakumeak baldintza hauek aurkakoak izan ditu betidanik.
Hona hemen, bada, V. Woolf-entzat, idazle izateko lehenengo abiapuntua: norberaren gela eta 500 libra. Gutxienez.